Abestea nire ustez artea da, gozamena, beharra, ohitura... eta zure ustez?

2009-04-23

NOMADAK TX


Oreka TX taldeak atzo Gasteizko Artium museoaren kanpo aldean eskaini zuen emanaldia. Ikusgarria! bertan izan ginenok Gasteizko gabeko hotzaz gain, txalaparta eta beste hainbat soinu-tresnen eta ahotsen berotasunaz ere gozatu genuen.

Gabeko bederatzietan zen hastekoa emanaldia, baina oraindik argitasuna zegoenez kalean, apur bat beranduago hasi zen. Hala, ilundu zuenean, musikariak eskenatokira igo eta bideo proiekzioko hainbat eta hainbat lurralde, pertsona, ohitura eta kanta, Artium museoaren horman agertu ziren.

Oreka TX taldearen instrumentu nagusia txalaparta dela esango nuke; dena den, beste hainbat musika tresnen laguntza ere badute; sei lagun aritu ziren bi ordu eta erdiz eskenatoki gainean sokei tiraka, haizezko instrumentuei putzaka eta mundu osoko danbor ezberdinei kolpeka. Baina ez ziren sei horiek izan protagonista bakarrak, izan ere, India, Sahara eta mongoliako abeslarien ahotsak eta musika soinuak ere entzun genituen. Azken musikari horiek, ordea, ez ziren eskenatokian egon, bideo proiekzioaren bidez, museoko horman ikusi eta entzun genituen.

Musika talde honetako kideak aipatu herrialdeetan zehar ibili dira bidaiatzen. Bidaiatzen eta musikaren bidez hemengo eta hango ohitura eta kultura partekatzen. Horretarako txalapartari bikote honek emanaldia eskaintzen zieten joandako lekuan; baina nire ustez, edo niri bitxiena iruditu zitzaidana izan zen, bertako materialaz eginiko txalaparta erabiltzen zutela. Esate baterako, leku hotzetara joan zirenean, izotzezko bloke batzuk hartu eta motozerraz izotz xafla ezberdinak egin (kontuan izanik xafla bakoitzak nota ezberdin bat izan behar zuela) eta horiekin jotzen zuten beren musika. Ikaragarria!!! Saharan, berriz, bertako paisaian nagusi harriak direnez, harri xafla ezberdinekin eginiko txalapartaz baliatu ziren. Eta horrela herrialdez herrialde. Oso detaile ederra iruditu zait hori. Nolabait ere, denok lur berean bizi garela adierazten baitu, konexioa, alegia. Berdin zaigu harrizko, izotzezko edo egurrezko xaflen bidez hedatu gure musika, guztiona baita. Hori izan zen jaso nuen mezua.

Bestetik, bertako zenbaitek abesti batzuk abestu zituzten eta haiek abestu ahala, eskenatokitik musika ipini zien zuzenean, eta horretarako hainbat eta hainbat soinu-tresnaz edertu zituzten Gasteiztik mongolia edo saharako hitzak. Beste behin ere hor dugu konexioa.

Aukerarik baduzue ikusi, gomendatzen dizuet!

Dena den, norbaitek proiektu honen berri izan nahi badu, jo ondorengo orrialdera: http://www.nomadaktx.com/ Bertan trailerra ikusteko aukera ere baduzue. Dena den, zuzenean ikustea ezinbestekoa dela iruditzen zait, konexio horren berri izateko.

Ondoren, nahiz eta kalitate txarreko argazki eta bideotxoa izan, atzoko kontzertu honetako irudiak ipini dizkizuet, ea animatzen zareten!!!

2009-04-22

ZAINDU AHOTSA!!!




Aholku batzuk ekarri ditut hona eztarria zaintzeko. Askotan entzun izan ditugu zenbait aholku:"ez da komeni edari hotzik edatea eta are gutxiago erretzea", "ez dugu ozen hitz egin behar eta zaindu inguruan duzun hezetasuna"... baina inork ba al daki zehazki nola zaindu behar dugun ahotsa?

Tira ba grina horrek eraginda hara non, Argia aldizkariko artikulu bat topatu nuen ikasbilen. Ikasbil HABEren web orri bat da (oker ez banago) eta bertan Euskal Herriko hainbat komunikabideetan agertzen diren testu, entzungai, edota bideo daude jasota. Norbaitek bisitatu nahi izanez gero, jo http://www.ikasbil.net/ orrialdera eta bertan ipini zeri buruzko artikulua edo entzungaia jaso nahi duzun. Gomendatzen dizuet.

Gehiago luzatu gabe, jarraian duzue bertatik hartutako artikulua. Ahotsa zaintzeko dekalogoa:


Egilea: Jabier Agirre
Data: 2006/02/02



AHOTSA ZAINTZEKO DEKALOGOA

Ahotsa zaintzeko arauak ematen ditu medikuak.
Ahots-kordak beste edozein gorputz-atal bezala zaindu behar genituzke. Eta ez da opera-kantaria, aktorea edo irakaslea izan behar nahitaez, afonia edo erlastasun-arazoak edukitzeko. Afonia egoeran ahotsa edo soinuak sortzeko gaitasuna murriztu egiten da. Ondoren, ahotsa zaintzeko hamar arau emango ditugu, errazak bezain sinpleak izanagatik, sarri bete gabe geratzen direnak:

- Baztertu zarata eta hotsa. Horixe da gure ahotsa gehien kaltetzen duena, oso bolumen altuan hitz egitera behartzen baikaitu.

- Ez hitz egin zure ahalmenen gainetik. Pertsona bakoitzak dauka hitz egiteko erresistentzia-gaitasun jakin bat. Gaitasun hori norberaren ezaugarrien eta ahotsaren entrenamenduaren araberakoa izan ohi da.

- Erabili ongi zure ahots-baliabideak. Hitz egiterakoan ez agortu zure biriketako aire guztia. Mintzatzerakoan lepoko zainak nabarmentzeak esan nahi du garrasi egiten ari garela edota airea agortzen ari dela.

- Ez erre. Tabakoaren kea da osagai toxiko nagusia, eztarria urratzeaz gain, lehortu ere egiten baitu.

- Mantendu hidratazio-maila egokia. Ahots-kordek ongi lubrifikatuak egon behar dute. Edari alkoholdunek eta kafeina dutenek gorputzari ura "kendu" egiten diote, ahots-kordentzat hain beharrezkoa den lubrifikazioa gutxituz.

- Egin behar adina lo, eta baztertu garrasiak eta tentsio psikologikoak. Ahotsa oso sentibera da lo-falta dagoenean. Egunean 6 ordu baino gutxiago lo egiteak nekea eragiten du ahots-kordetan eta lesioak sortzeko aukera handitu egiten da.

- Ahal dela, saihestu garrazpera eta eztula. Eztarria "garbitzea" (garrazpera) eta indarrez eztul egitea ekintza traumatikoak dira ahots-kordentzat.

- Laringitis-kasuetan, ahalik eta gutxien hitz egin. Goiko arnasbideetako katarroa dagoenean, ahots-kordetako mukosa kongestionatua egoten da, eta ez da komeni ahotsa behartzea.

- Zaindu osasuna, egin ariketa pixka bat, eta elikadura orekatu. Egoera osasuntsuak ahots-kordetako erresistentzia handiagotu egiten du.

- Ahotseko arazoa 15 egun baino gehiago luzatzen bada, zoaz otorrinolaringologoarengana, eta aditu horrek esango dizu zer egin zehazki.

2009-04-13

ADI, IKASTAROAK!!!

Ikastaro baten berri eman nahi dizuet, eta azken egunetan gaude izena emateko! Adi, hortaz!!!

UEUren Ikastetxe Nagusian, Eibarren, LITERATURAri buruzko ikastaroa izango da. Bertan, literatura eta musikaren arteko harremanari buruz ere arituko dira. Itzel!!!

Ikastaroa apirilaren 23an hasi eta ekainaren 3an amaituko da.

Dena den hemen dakarkizuet informazio gehiago, ANIMATU!!!



http://www.ueu.org/courses/one?id=583&scope=public

2009-04-12

HERRI KANTAK ETA JAZZA





Belaunaldiz belaunaldi eta ahoz aho transmititutako kantek, beti izaten dituzte aldaketa txikiak. Nahiz eta ustez abesti bera kantatzen aritu, aldaketatxoak ematen dira: bai melodian, bai hitzetan. Aldaketa txikiak, bai; baina aldaketak. Eta urteen eta urteen poderioz, aldaketak ugaritzen dira eta ezinezkoa zaigu jakitea zein izango zen jatorrizko bertsioa. Dena den, printzipioz ez dira nahita egiten diren aldaketak. Bestalde, ordea, Jazza dugu. Musika mota horrek, inprobisazioa du oinarri. Aldaketak nahita ematen dituzte taldekideek. Iñaki Salvador pianojole eta konpositore donostiarrak, Kataluniako Satchmo Jazz Records ziguluaren eskutik, euskal kanta herrikoiak hartu eta horien gainean inprobisatzeak egin ditu. Besteak beste, "Uxo zuria", "Goizian goizik", "Axuri beltza" edota Laboaren "Txoria txori" abestiak birrasmatu ditu. Bere lanaren berri jakin nahi izanez gero hona hemen argia aldizkariako elkarrizketa: http://www.argia.com/argia-astekaria/1794/jazzak-ez-du-musika-herrikoiak-duen-purutasuna/osoa

"Donostiako martxa" ezagutzen al duzue? oso ezaguna da, urtarrilaren 20an San Sebastian egunean, eta baita bezparan ere, Donostiako danborradan jotzen duten abestietako bat da. Ezaguna oso. Piano-jole donostiar honek erabat birraldatua eskaini zuen Kursaal aretoan 2004.urtean. Entzun arretaz ondorengo bideoa:


Baina ez da Iñaki Salvador pianojolea bakarra gure betiko kantak eta jazza uztartzeko saiakerak egin dituena. Juantxo Zeberio piano-jotzaile tolosarrak Hodeiertz abesbatza eta jazz laukote batekin ekoiztu baitzuen Umama 2 proiektua. Diska hura Euskal Herriko kanta herrikoien eta jazzaren fusioa izan zen. Hori dela eta, koru, jazz eta herriko kantak jarraitzen dituztenenentzat aproposa. Talde honi egindako elkarrizketa ere ekarri dizuet irakurri nahi izatera: http://www.noticiasdegipuzkoa.com/ediciones/2007/12/20/mirarte/cultura/d20cul68.857777.php

2009-04-11

ESKOLAKO KANTAK

Egin dezagun urte batzuk atzera eta gogoeta egin dezagun. Hiru bat urte genituen garaira: 80ko hamarkadara (beno nire garaikook), hain justu. Gogoan dut ikastetxera joan nintzen lehen eguna. Amaren eskutik joan nintzen poz-pozik eskolara. "Ikusiko duzu zeinen ongi pasako duzun!" esan zidan amak. Marrazkiak egiteaz gain, abestu, eta lagun asko egingo genituela esan ziguten etxean. Ez zen esan zidaten modukoa izan, batez ere lehen eguna, bazter guztietan ikaskideak negarrez baitzeuden.
Baina gogoan ditut zenbait irudi, usain eta abesti. Esaterako gogoratzen dut, andereñoak hizkiak irakasteko ipuinak kontatzen zizkigula. Gogoratzen al duzue "e" hizkia? nik bai. Txarteltxo hartan ume bat ageri zen belarrian eskua jarri eta "eeeee?" luze bat marraztua zuela. Andereñoak hura erakutsi eta denok gorrak bagina bezala elkarri ozen: "eeee?" egiten genion.
Bestetik, gogoan geratu zaidan plastilina usaina. Ezin ahaz dezaket eskuetan usain hori izaten genuela, baita gure mantal zuri-arroxa hartan ere. Oso kuriosoa da ohartzea badirela zenbait usain gogoan geratzen direnak eta askotan berriro usaindu arte gogoratzen ez dituzunak. Usain gehiago ere baditut gogoan, baina ezin azaldu zein usain ziren. Horiek nire gogoan geratuko dira betiko.
Eta nola ez, abestiak. Oso gogoan geratzen zaizkigu garai hartan eskolan abesten genituen kanta haiek. Gurasoei galdetuz gero, haiek ere gogoan dituzte euren garaikoak. Nahiz eta urteak pasa, garuneko disko gogorrean geratzen zaizkigu betiko. Eta tiraka-tiraka jarraituz gero, nik oraingoan egin dudan bezala, garai hartako abesti asko osorik gogoratzen duzu. Eta abesti jakin horrekin nolako poza edo tristura sentitzen zenuen ere gogoratzen duzu.
Horregatik, zuek ere garai hartako emozioak berriro senti ditzazuen, xixupika sortan Imanol Urbietak eskaini zizkigun abestiak gogoratu ditut. Azken hiru hamarkadetan Euskal Herriko ume gehienok abestu ditugun abestiak: Jon Brawn indio txikia, txiki-txiki-txikia, ran rober ran...
Baina guztiak ezin ditugunez jarri blogean, bat aukeratu dut: astoa ikusi nuen. Niretzat oso abesti sentikorra zen, tristura handia ematen zidan asto gizarajoak ezin zuelako gurea bezalako eskola batean egon. Entzun dezagun, bada:




Gogoratzen al zenuten? bai, noski!

Hona hemen Imanol Urbieta musikari zarauztarraren hitz batzuk:



HERIOTZA ETA ABESTIAK

“Nueva York, Paris edo Londresko bizilagun batek heriotza hitza ez du inoiz erabiliko, ezpainak erretzen baititu. Mexikarrak, aldiz, erabiliko du, burla egingo dio, laztanduko du, lo egingo du berarekin, festak egingo dizkio, bere jostailu gogokoetako bat izango da eta maitasunik permanenteena. Era berean, egia da mexikar batek beste edonork bezala beldurra sentitzen duela, baina ez du ezkutatuko; behatu egiten du pazientziaz, desden edo ironiaz”.Octavio Paz

Heriotza eta bizitza estuki lotuta daude, eta gizakiontzat oso garrantzitsua den gertaera bat da. Horren garrantzitsua, non uste baitut gure izatearen inguruko zalantzei erantzuna emateko hainbat teoria, sinesmen edota erlijio sortu direla: erantzun bat lortu nahian. Nahi gabe, heriotzak latz jotzen du atea gure etxeetako ateetan; batzuenetan oso goiz; besteenetan beranduago. Baina beti. Dena den, nik ez dut beste teoria baten berri eman nahi. Soilik, beste behin ere, erakutsi nahi dut gizakiontzat garrantzitsuak diren gertaeretan musikak presentzia duela.

Gure inguruan norbait hiltzen denean, ez dugu kantatzeko gogo handirik izaten. Zergatik, ordea? "hara bestea! triste gaudelako!" erantzungo du norbaitek. Egia da. Nik neuk ere ez dut abesteko gogorik sentitzen. Baina uste dut gure gizartearen eta kulturaren ondorio bat dela. Gure artean norbait hiltzen denean, gehienetan, gure gizartea kristaua delako, hileta ospakizuna egiten zaio. Eta "ospakizun" hitza erabiltzen dugu. Elizan hainbat abesti kantatzen zaizkio hildakoari: otoitzak. Edota, omenaldi bat egiten badiogu hildakoren bati, bertsoren bat edo kantaren bat ez da inoiz falta. Eta ez dugu txartzat hartzen abestea, une jakin batean eta errespetuz egiten baita. Zenbait abeslarik, norbaiten hildakoaren irudia gogoan izateko helburuz, hainbat abesti sortzen ditu. Horren adibide dugu, esaterako, "Xalbadorren heriotzean" kanta, edota "txikia" abestia.

Dena den, guk baino hileta ospakizun zaratatsuagorik egiten dituenik bada munduan zehar. Esaterako, mexikarrak. Hildakoen eguna mexikoko indigenen ospakizun bat da eta azaroaren bian ospatzen dute. Ohitura zahar horren jatorria zein den oso ziur ez badaude ere, badirudi ohitura aurrehispanikotik datorrela: hildakoak objetuekin lurperatzea, janariarekin eta beste bizitzarako bidaiarako ofrendekin lurperatzea. Beste ohitura zahar batzuetan ere egiten da.

Egun, Mexikon hildakoen eguna ospatzeko, besteak beste, maite dutenenentzat etxeetan aldareak eraikitzen dituzte. Familia batzuek hilerrietara joaten dira eta loreak eramateaz gain, ahal dutenek bertako musikari batzuk eramaten dituzte, "
Mariachis" deituak. Gainera tumbaren gainean jaten dute, hildakoaren arimarekin batera, izan ere azaroaren 1 eta 2an omen dute baimena arimek beren senitartekoekin egoteko.

Atzerritar zenbaiti errespetu falta dela irudituko zaio horrenbesteko jaia egiteagatik, baina beraientzat ongi-etorri festa bat besterik ez da.

Urriaren hasieratik hasiko dira gozodendetan, batez ere, Guadalajaran, Pueblan, Guanajuaton eta DFn mota guztietako gozoak egiten. Gozodendentzat bakarrik ez, lore-dendarientzat ere egun garrantzitsuak dira horiek, izan ere milaka eta milaka lore salduko dituzte.

Badirudi hildakoak gogoratzea oso garrantzitsua egiten zaigula gizakioi, horrela, gu ere noizbait oroituak izango baikara. Hala dio, bederen, bertao epitáfio batek:
“Los muertos se van solamente cuando el olvido los entierra”.

Hona hemen bertako aldare bat:







2009-04-02

LUA-LUA TTUNTTULUMENDI...






LO,LO, LO... Lo egitea hain da gozoa...baina zenbaitetan loak ez gaitu bere hatzaparretan hartzen. "Arren! lo egin behar dut!" diogu, gure iratzargailuak, tik-tak, aurrera jarraitzen duen bitartean. Halakoetan nire amonak txikitan kantatzen zidan abesti unkigarria etortzen zait burura. Bere ahots gozoaz "lua, lua ttunttulumendi" abestia kantatzen zidan... beno, nik hori ulertzen nion. Abesti horren letra ekarri dizuet jarraian, ezagutuz gero, abesteko. Gozatu, eta lo egiteko gura duzunean abestu... ONDO LO EGIN!!!

"Amona, hau zure omenez":

Lua lua tutulu mendi,
lua lua masusta;
Aita guria Bitorian da
Ama manduan artuta
Eun dukattxo kastatu ditu
Benta berrin sartuta,
beste berri bat ekarriko du
lengo zar hura salduta."

Zuei ere horrela abesten al zizuten amonak? ahozko tradizioak belaunaldiz belaunaldi iraungo al du? jarraituko al dugu guk geure ondorengoei horrelakoak kantatzen?

Abestiaren beste bertsio bat ekarri dizuet jarraian, izan ere, ahoz aho kantatzen diren abestiek aldaketak izaten dituzte:

Loa, loa txuntxurrun berde
loa, loa masusta.
Aita guria Gasteizen da
ama mandoan hartuta.
Aita guria Gasteizen da
ama mandoan hartuta.
Loa, loa txuntxurrun berde
loa, loa masusta.

Loa, loa txuntxurrun berde
loa, loa masusta.
Aita guria abiatu da
Vitoriako ferira.
Aita guria abiatu da
Vitoriako ferira.
Loa, loa txuntxurrun berde
loa, loa masusta.

Loa, loa txuntxurrun berde
loa, loa masusta.
Aita guriak diru asko du
ama bidean salduta.
Aita guriak diru asko du
ama bidean salduta.
Loa, loa txuntxurrun berde
loa, loa masusta.