Abestea nire ustez artea da, gozamena, beharra, ohitura... eta zure ustez?

2009-05-28

UGAZTUNAK KANTARI!

Ba al zenekiten gizakiok ez ezik, beste ugaztun batzuek ere kantatzen dutela?
Xibarta baleak ere kantatu egiten du. Abestu? Bai, ongi irakurri duzue: baleek ere, gizakien eta beste animalia askoren antzera, abestu egiten dute. Xibarta balea oso jostaria da eta, dirudienez, negu-partean gogokoen duen denbora-pasa abestea da.

Gure begietara, xibarta balea oso jostaria da. Noizbehinka, uretatik kanpora jauzi egin, elkar jo eta, uretara itzultzean, hegatsak uraren kontra kolpatzen dituzte. Zientzialarien ustez, jolas horiek guztiak elkarrekin komunikatzeko erabiltzen dituzte; izan ere, hegatsa uraren kontra kolpatzean ateratzen duten zarata oso urruneraino heltzen da. Abesten ari direnean, ordea, ia ez dira mugitu ere egiten eta, buru-makur, ur gainean egoten dira. Hara bada! egia al da, orduan, xibartek abestu egiten dutela?


Itsasoko konpositoreak

Neguko ugaltze-sasoian, xibarta arrek soinu-eredu konplexu eta luzeak egin eta, gainera, behin eta berriro errepikatzen dituzte. Horregatik, abestu egiten dutela esaten da. Abestien egitura gizakiok kantatzen ditugun abestien antzekoa da. Eredu bati jarraitzen dioten nota diskretuek iraupen konstanteko esaldiak osatzen dituzte; esaldi-multzoek, era berean, konposizioak eratzen dituzte; konposizio jarraituek, azkenik, abestia osatzen dute. Xibartek soinu-mota ugari atera ditzakete, gizakiak entzun dezakeen maiztasun altu eta baxuena barne. Ez dute aho-korda funtzionalik eta, egindako azterketen arabera, badirudi soinuak arnasbidean adarkatzen diren zaku-hondoko balbula eta giharretan sortzen dituztela.

Ikertzaileen ustez, abestiek hainbat funtzio izan ditzakete: emeak erakartzea, beste xibarta arrak aldaratzea edota bi abeslariren arteko distantzia gordetzea. Pentsa baleen abestiek ere funtzio bat dute. Abestiek beti dute funtzioren bat, ez al duzue uste?

Aipatutako baleen abestiek, eskuarki, 5-35 minutu irauten dute, eta xibartek abesti bera behin eta berriro errepikatzen dute. Mexiko, Hawaii eta Japonia inguruan egindako ikerketa baten arabera, Ozeano Bareko iparraldeko xibarta ar guztiek oso antzeko abestia kantatzen dute. Urtaroak aurrera egin ahala, abestia zertxobait aldatzen da. Hurrengo urtean, berriro ugaltze-lekura itzultzen direnean, aurreko ugaltze-sasoiaren bukaeran abesten zuten bertsio bera abesten dute.

Askotan, baleen abestien egitura nahiko bitxia izaten da. Bitxia ez berria edo desberdina delako, alderantziz baizik. Izan ere, askotan ugaztun erraldoi horiek gure konposizioen antzekoa erabiltzen dute, hau da, ABA egitura esaten zaiona. Kasu horretan, abestiak hiru zati nagusi izan ohi ditu: hasteko, sarrera modukoa; gero, soinu landuagoak; eta, bukatzeko, berriro ere hasierako sarrerara itzultzen dira, agian zertxobait aldatua. Ez al da ikaragarria? gero ABA forma gizakiok bakarrik egin dezakegun zerbait dela pentsatuko dugu, hara hor!

Gizakiaren eta balearen eboluzio-bidea duela 60 milioi urte inguru banatu zen eta, hala ere, batak zein besteak egiten duen musika oso antzekoa dela ikusi dugu. Horretan oinarrituta, badirudi musika gizakia baino lehenago sortu zela eta, eboluzioan gure txanda iritsi zenerako, taula-gaina abeslari trebez gainezka zegoela.

Iturria: http://www.zientzia.net/informazioa/artikuluak/euskaraz

No hay comentarios:

Publicar un comentario