Abestea nire ustez artea da, gozamena, beharra, ohitura... eta zure ustez?

2009-04-11

ESKOLAKO KANTAK

Egin dezagun urte batzuk atzera eta gogoeta egin dezagun. Hiru bat urte genituen garaira: 80ko hamarkadara (beno nire garaikook), hain justu. Gogoan dut ikastetxera joan nintzen lehen eguna. Amaren eskutik joan nintzen poz-pozik eskolara. "Ikusiko duzu zeinen ongi pasako duzun!" esan zidan amak. Marrazkiak egiteaz gain, abestu, eta lagun asko egingo genituela esan ziguten etxean. Ez zen esan zidaten modukoa izan, batez ere lehen eguna, bazter guztietan ikaskideak negarrez baitzeuden.
Baina gogoan ditut zenbait irudi, usain eta abesti. Esaterako gogoratzen dut, andereñoak hizkiak irakasteko ipuinak kontatzen zizkigula. Gogoratzen al duzue "e" hizkia? nik bai. Txarteltxo hartan ume bat ageri zen belarrian eskua jarri eta "eeeee?" luze bat marraztua zuela. Andereñoak hura erakutsi eta denok gorrak bagina bezala elkarri ozen: "eeee?" egiten genion.
Bestetik, gogoan geratu zaidan plastilina usaina. Ezin ahaz dezaket eskuetan usain hori izaten genuela, baita gure mantal zuri-arroxa hartan ere. Oso kuriosoa da ohartzea badirela zenbait usain gogoan geratzen direnak eta askotan berriro usaindu arte gogoratzen ez dituzunak. Usain gehiago ere baditut gogoan, baina ezin azaldu zein usain ziren. Horiek nire gogoan geratuko dira betiko.
Eta nola ez, abestiak. Oso gogoan geratzen zaizkigu garai hartan eskolan abesten genituen kanta haiek. Gurasoei galdetuz gero, haiek ere gogoan dituzte euren garaikoak. Nahiz eta urteak pasa, garuneko disko gogorrean geratzen zaizkigu betiko. Eta tiraka-tiraka jarraituz gero, nik oraingoan egin dudan bezala, garai hartako abesti asko osorik gogoratzen duzu. Eta abesti jakin horrekin nolako poza edo tristura sentitzen zenuen ere gogoratzen duzu.
Horregatik, zuek ere garai hartako emozioak berriro senti ditzazuen, xixupika sortan Imanol Urbietak eskaini zizkigun abestiak gogoratu ditut. Azken hiru hamarkadetan Euskal Herriko ume gehienok abestu ditugun abestiak: Jon Brawn indio txikia, txiki-txiki-txikia, ran rober ran...
Baina guztiak ezin ditugunez jarri blogean, bat aukeratu dut: astoa ikusi nuen. Niretzat oso abesti sentikorra zen, tristura handia ematen zidan asto gizarajoak ezin zuelako gurea bezalako eskola batean egon. Entzun dezagun, bada:




Gogoratzen al zenuten? bai, noski!

Hona hemen Imanol Urbieta musikari zarauztarraren hitz batzuk:



No hay comentarios:

Publicar un comentario